Open Spacea

Ekainaren 22an, Salaam – سلام – Bakea proiektuaren jendaurreko lehenengo jarduera egin zen.

Hitzordua Deustuko Unibertsitateko Liburutegiko azken solairuan garatu zen. Leku zabal bezain argitsu horretan, era guztietakoak izan arren helburu berbera daukagun 30 lagunek 4 ordu baino gehixeago eman genituen lanean, elkarri entzuteko eta elkarrengandik ikasteko.

Jardunaldian, denok batera hausnartu genuen, baina talde txikiagoetan ere hitz egin genuen.

 

 

Azken batzarrean azaldu zen bezala, lehenengo jarduera horretan, harremanetan jarri ginen, eta, horrez gain, proiektuko hurrengo jardueren garapenerako eta plangintzarako oinarria finkatu zen.

Eskerrik asko, gracias, shukran, Salaam – سلام – Bakea hazirako ongarria izatearren!

Hausnartzeko eta narratibak batera sortzeko tailerrak

Hausnartzeko eta narrazioak batera sortzeko tailerrek gazteen erkidegoari jabekuntza ematea dute helburu nagusi, partaidetzazko prozesu berritzaileen bitartez indarkeriaren aurkako narrazio digitalak batera sortzeko eta zabaltzeko eta, horrela, bakearen zein elkarbizitzaren kultura eratzeko eta desberdinen arteko topaketa soziala balioesteko.

Bizkaiko tailerrak

Bizkaiko lurraldean, hiru tailer egin dira.

Lehenengoa Ellacuría Fundazioko lokaletan egin zen. Gehienak musulmanak ziren hamar bat gaztek hausnarketarako eta narrazio digitalen baterako sorrerarako jardunaldi bizi-bizia partekatu zuten, erlijioarteko elkarbizitza sustatzeko asmoz…

 

 

Bigarren tailerra Itaka-Escolapios Fundazioaren laguntzaz egin zen. Tailer horretan, “Astialdiko begiralea, zuzendaria eta dinamizatzailea” ikastaroko ikasleekin lan egin zen. Gure gizartean erkidego musulmanak jasaten duen estigmatizazioari buruz hausnartzeko aukera izan zuten ikasleek.

Hausnartu ostean, ikus-entzunezko ekoizpenak egin zituzten, gainerako herritarrak gainontzekoen errespetuaren eta ez-bereizkeriaren garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz.

 

 

Hirugarren topaketa “Muga ikusezinak” jardunaldiko jardueren kronogramaren osagai moduan garatu zen. Zenbait kulturatako eta tradizio erlijiosotako gazteen arteko elkarbizitza anitza da, baterako konpromisoaren eta ezaugarrien bila: herritartasun inklusiboa eta ez-baztertzailea.

Tailerrean bertan, “Bizitzako historiak” sortu zituzten elkarrekin. Horren ostean, Bilboko meskita bat bisitatu zuten, eta, bertan, parte-hartzaileek gehiago jakin ahal izan zuten Islamari buruz eta gure lurraldean daukan ezarpenari buruz.

 

 

Gipuzkoako tailerrak

Gipuzkoako lurraldeko bi tailerrak Donostian egin dira.

Lehenengoan, Loiola Etxeko abegi-proiektuko 9 gaztek parte hartu zuten.

Hausnarketan eta eztabaidan, parte-hartzaileek euren egunerokotasunaren berri eman nahi zutela adierazi zuten. Horretarako, honako hipotesi hau hartu zuten abiapuntutzat: ezjakintasuna da jasaten dituzten esamesa arrazista eta xenofobo gehienen gidaria.

Hori dela eta, ikus-entzunezko edukiak sortzeko etapan, parte-hartzaileen arteko zenbait elkarrizketa grabatu ziren, eta, bertan, euren migrazio-prozesua nahiz etorkizunerako aurreikuspenak azaltzen dituzte.

 

 

Bigarren tailerra Donostiako Zentro Kultural Islamikoaren laguntzaz antolatu eta garatu zen. Hamabitik gora gazte bertaratu ziren, eta elkar ezagutzeko, eztabaidatzeko eta grabaketak egiteko asteburua partekatu zuten.